XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1947an erlijioa zela eta, Indiako musulman eta hinduak banatu eta Pakistan eratzea erabaki eta ingelesek alde egin zutenean, iparralde osoa, Hunza barne, noraezean geratu zen, gobernuak ez baitzekien denenak ziren lurralde haiekin zer egin.

Orduantxe erabaki zuen Hunzak independiente izatea, eta bertakoen hitzetan, munduko inongo mapa zein liburutan agertu ez den estatu independiente bakarra izan da.

Historia tristea bezain aberatsa.

Hizkuntza

Burushaski da bertako hizkuntza ofiziala eta bailarako hiriburua den Karimabad eta inguruan hitzegiten dena.

Azken urteotan gramatika txiki bat eta hainbat liburu argitaratu da burushaskiz.

150 Km. eskax duen bailaran, ordea, badira beste hiru hizkuntza ere, burushaskirekiko zeharo ezberdinak guztiak ere.

Iparraldean, Gojal aldean, Wakhi hitzegiten da, mugan duen Xinjiang probintzian, Tajikistanen eta Afganistango zati batean hitzegiten den hizkuntza bera, eta bertako biztanleak, antza, nomadak izaki, noizpait iparraldetik etorri eta Hunzan kokatu zirenak dira.

Hegoaldean, berriz, Shina hizkuntza hitzegiten da eta Hunzatik kanpo geratzen den Gilgit hiriko hizkuntza ofiziala ere bada.

Laugarren hizkuntza Bereski deritzana da eta musikarien hizkuntza da soilik.

Musikariak, behe klaseko biztanletzat jo izan dituzte betidanik eta beste biztanleetatik aparte bizitzeaz at, hizkuntza berezia dute.

Bitxia da, bestalde, zeharo isolaturik eta inongo harremanik gabe bizitu izan diren beste zenbait bailaretako musikariek hizkuntza bera darabiltela jakitea.

Antza, noizpait elkarren artean harremanak izan zituztenaren seinale garbia da.

Hizkuntzalarientzat aparteko ikerketa gunea zalantzarik gabe.

Jendea

Larruazal iluneko jendea, ile horidun eta larruazal zuriko jendearekin nahasia ageri da.

Jende gogorra, indartsua, mendien gogortasunari eta neguaren hotzari aurre egiteko gai dena bizi da bertan.

Islamismoak, oro har, emakumeak baztertu eta etxe zulora makurrarazi baditu ere, ismailiar emakumeek tinko eusten diote beren izaerari.

Hunzako emakumeak ez dira inola ere gizonak baino gutxiago, eta beren kolore bizidun jazkera eta berezko edertasunarekin, biztanlegoaren erakarpen nagusi bilakatu dira.

Beren bizi iraupenagatik ere ezagunak dira hunzatarrak, ia herri bakoitzean bai baitago mendea bete duen norbait Pakistanen bataz besteko bizi iraupena 56 urtekoa den bitartean, 80 urtetik gorakoa da Hunzan.

Bizitza luzea elikadurari zor omen diote gehienbat, fruta eta barazkitan aberatsa baita bailara; eta elikadurari, ezinbesteko Hunzako ura (bertan egindako ardoa) gehituz gero, erraz harrapatzen omen dituzte 100 urte.

Dena den, isolatuak bizi izatetik, merkataritzaren eta gizarte modernoko eraginen menpe egotera pasatu direnean, gauzak nahi baino gehiago aldatzen hasi dira hunzatarrentzat.

Karimabadeko emakueak